RETA: egizu apustu emozioaren alde
Tenis jokalari baten irudia kolore mantxaren gainean
Moto gidari baten irudia irudia kolore mantxaren gainean
Hemen zaude: Hasiera Gaurkotasuna: Kirol gaurkotasuna

Gaurkotasuna

Kirol gaurkotasuna

Hemen kirolari buruzko informazio guztia aurki dezakezu. Aukeratu nahi duzun kategoria eta irakurri kirolaren azkenengo berriak.

DUBAI, AZKEN GELTOKIA 2009ko azaroak 17

Europako Zirkuitoak aste honetan emango dio agurra aurtengo edizioari. Hala, Merituaren Ordenanaren sariaren ordezko bihurtu duten Race to Dubai sailkapena erabakiko dute punta-puntako jokalariek. Zirkuituak diru-iturri berriak bilatu behar izan ditu eta petrodolarrak barra-barra azaldu dira ate joka. Urtean zehar sailkapen horretako lehenengo 60 jokalariek izango dute Greg Normanek diseinatu duen Earth Course-ean aritzeko aukera. 7.5 milioi dolar banatuko dira diru-saritan, eta mozketarik ez dagoenez parte-hartzaile guztiek mozkinak ziurtatuak dituzte. Paul Casey eta Anthony Kim-ek uko egin diote torneo honetan parte hartzeari, beraz 58 jokalari arituko dira. Irabazleak 830.000 euro poltsikoratuko ditu; azken sailkatuak, 15.000 euro inguru. Ez da ez ahuntzaren gauerdiko eztula.

Torneoko sariak urtean pilatutako kopuruei gehitu eta behin-betiko Race to Dubaiko sailkapena izango dugu. Sailkapen honetako lehenengo hamabostek gainsari mamitsuak irabaziko dituzte, 7,5 milioi dolarreko zakua guztien artean banatzeko: irabazleak 1,5 milioi irabaziko ditu eta hortik behera kopurua jaitsiz joango da.

Rory Mcilroy ipar-irlandarra, Lee Westwood eta Ross Fisher ingelesak eta Martin Kaymer alemaniarra dira azken sailkapena irabaz dezaketen 4 golflariak. Guztien artean 20 urteko McIlroy gazteak ditu aukera gehien. Irabaziko balu, europako zirkuituko sailkapena irabaziko lukeen jokalari gazteenetakoa bihurtuko litzateke, Seve Ballesterosek baino ez luke gaindituko.

Kategoria:GOLFA

Iruzkinak kontsultatu (0)Iruzkina idatzi


TXEMA OLAZABAL, GOLFEKO “HALL OF FAME”-ERA 2009ko azaroak 6

Txema Olazabal golf jokalari hondarribitarra PGA-ren "Hall of Fame"-eko partaide berria izendatu dute, Saint Augustinen (Florida) dagoen World Golf Village delakoan. Ekitaldi berean Lanny Wadkins eta Christy O'Connor jokalari ohiek eta EEBB-tako presidente izandako Dwight D. Eisenhower zenak ere ohore bera jaso zuten. 130 partaide baino ez dituen goi mailako klub batean sartzea lortu du Olazabalek.

Hitz egiterako orduan hunkituta ikusi genuen hondarribitarra. Nick Faldo, Jack Nicklaus, Greg Norman, Gary Player, Arnold Palmer eta beste hainbat jokalari handiri eskerrak eman zizkien, bere ibilbidean izan zuten eragina dela eta. Severiano Ballesterosen izena goraipatu zuen beste guztien gainetik, bere maisua izan zela azpimarratuz. Azken unean, protokolotik kanpo izan bazen ere, hitz goxo batzuk eskaini zizkien euskaraz gurasoei.
Karrera emankorra eduki du Olazabalek. Amateur mailan ibilbide paregabea eduki ondoren, 30 titulu inguru lortu ditu Atlantikoaren bi muturretan. Garaipen guztien gainetik Augustako Mastersean lortutako bi jaka berdeak azpimarra genitzake, eta baita Ryder Cup-ean 7 aldiz parte hartu izana (3 garaipenekin).

Garaipen eta une gozoz betetako karrera honen aurpegi iluna lesioak izan dira. 1996. urtean hernia baten erruz gurpil-aulki batean geratuko zenaren beldur izan zen. Erabat errekuperatzea lortu zuen. Duela urte pare bat lunbalgia arazoak izaten hasi zen, eta gaur egun oinazeak bere horretan darrai. "Medikuek badakite zer gertatzen den. Zergatia da ez dakitena", esan ohi du etsipen puntu batekin. Jokatzen dabilenean erregulartasun puntu bat faltza zaio: hainbestean dabil batzutan, estuago bestetan. Ondoren atseden garaiak behar izaten ditu. Espero dezagun erabat osatzea, 43 urte baititu eta guri (eta batez ere bere buruari) berri onak emateko adin polita baitu.

Gure artean bizi den jeinua da. Golf kontutan oso aditua ez den gizartea batean bizi gara, eta ondorioz baliteke Olazabalen lorpenak gure artean aintzat ez hartzea. Hala ere, gure ezjakintasun honek bizitza lasaia edukitzea baimendu dio Olazabali. Ez da gutxi pertsona familiarra den, zaletasun arruntak dituen eta pribatutasuna asko zaintzen duen gizon batentzat

Kategoria:GOLFA

Iruzkinak kontsultatu (0)Iruzkina idatzi


ASTE HONETAN, BRITISH OPEN 2009ko uztailak 13

Aurtengo hirugarren major-a Turnberryn (Eskozia) jokatuko dute. Zelai honetan txapelketa jokatu den beste hiru alditan maila haundiko jokalariek lortu dute "claret jug" preziatua, Tom Watson, Greg Norman eta Nick Pricek, alegia. Europan jokatzen den major bakarra da, eta baita links erako zelaietan jokatzen den bakarra ere.

Tiger Woods estatubatuarra da faborito nagusia. Bere 15 txapelketa handia nahi du, Jack Nickausengandik hurbilago egoteko. Phil Mickelson ez da jokatzeko moduan izango, arazo pertsonalak direla eta. Beraz, Woods-en arerio gogorrenak jokalari europearrak izan daitezke, hala nola, Padraig Harrington (azkeneko bi edizioak irabazi dituen irlandarra), Sergio García, Paul Casey, Rory McIlroy e.a.

Gozatu golfaz RETAn.

Kategoria:GOLFA

Iruzkinak kontsultatu (0)Iruzkina idatzi